Ez litzateke gezur handia Oteiza = Hutsa idaztea, bainan oraingoan formula aldrebesago bat aurkezten dugu bestelako elementu batzuk tarteko. Izan ere, ez da Hutsa artean landu den kontzeptu bat soilik, ongi ezagutzeko alderdi gehiagotatik begiratu behar zaion gai bat baizik. Formula hauxe izango dugu guk Hutsaren inguruko kontuak ezagutzeko bidelagun, formula honen esanahi ezkutukoa zein den argitzen saiatuko baikara.
Dakizuenez, azaleko formula eta honakoa Kasimir + KasimirOteiza = Hutsa berdinak dira. Lehenengo bistadizoan ikusten dugunez, Hutsaren inguruan Oteizaz gain bi Kasimir ere agertzen zaizkigu, bata, hori bai, Oteiza berari hertsiki lotua. Hortaz, kasu honetan Kasimir izen berbera bai, baina bi Kasimir desberdinez ari garela pentsatzea ez litzateke astakeria handia izango. Eta hori da hain xuxen formula xelebre honen bitartez adierazi nahi duguna. Oteizak bezala Hutsaren inguruan galanki lan egin zuten bi Kasimir desberdinen lana aipatu nahi baititugu. Euren arrakastarik handienak hutsaren inguruko ikerketetan lortu zituzten izen bereko bi pertsonen lan ezin baliotsuagoa. Hori bai, itxuraz bederen oso desberdinak diruditen bi alorretan, batak zientzian eta besteak artean. Bainan goazen pixkanaka-pixkanaka eta argi dezagun formula misteriotsu honen esanahia atalka, Hutsa lehenik, Kasimir ondoren eta KasimirOteiza azkenekoz.
HUTSA
Hutsaren ideiak eta bere ulermenak buruhauste asko sortu ditu mende eta kultura guztietako gizonengan. Filosofoek esate baterako berau ulertu nahi zuten, zientzilariek aurkitu, eta artistek berriz bertatik abiatuz sortu, edo eta langai bezala erabili.
Ezin ulertu hauek ordea larriagoak izan ziren mendebaldeko herrien kulturetan. Arrazoi aski desberdinengatik, Hutsaren ideiaren ulermena ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula izan mende luzeetan zehar. Greziarrek, gizakiaren pentsamenduaren zutabetzat logika ulertzen zuten, eta beraientzat ezinezkoa zen Hutsa, ezereza, ez-izatea, zerbait izatea. Ez zen logikoa. Kristauentzat berriz jainkoak mundua hutsetik abiatuz sortu zuen, ex nihili, eta hutsaren ideiak gustuko ez zuten egoera bat suposatzen zuen, jainkorik gabeko egoera bat hain zuzen.
Hutsa ekialdeko herrietan
Mundu orientalean ez zuten hutsa ulertzeko horrenbesteko arazorik izan. Beraien erlijio sinesmenek, hutsaren edo ez-izatearen ideia, izatearenarekin parekatzen zuten. Hutsa beraien meditazio ariketetan erabiltzen ohituak zeuden eta ez-izate egoera, budista eta hinduisten artean maiz erabilia zen Nirvana aurkitzeko, hots, kosmosarekin bat egiteko. Hutsa ulerterraza zen beraz ekialdeko lurraldeetan eta ez zekarren inolako ondorio negatiborik berarekin.
Hutsa eta Zientzia
Zientziari ere bereak eta bi kostatu zaizkio hutsaren ulermen egoki bat izatea. Hasiera batetan zientzilarien artean, artearen kasuan eman izan den bezalako horror vacui bat zegoen zabaldurik. Artean izan ere, espazioak hutsik bere horretan utzi aurretik askotan nahiago izan da forma konplikatuez bete, maiek esate baterako beraien piktograma matematikoetan egiten zuten lez, hutsari zegokion lekuan irudi desberdinak ipiniz. Badirudi zibilizazio desberdinetan hutsaren ideia ez dugula gustuko izan, eta zientzilariak ere denbora luzetan zehar egon dira horretaz kutsaturik. Hutsaren ideia onartu aurretik nahiago izan zuten adibidez, eterra bezalako substantzia magikoak sortu. Einstein handiaren etorrera arte zutik iraungo zituzten ideiak hauek guztiak.
XX. mendean fisikaren munduan izandako iraultza desberdinei esker ordea, Hutsaren ulermen egokiago bat dugu gaur egun. Ideia egokiago hauetara hurbildu gintuen printzipio garrantzitsuenetarikoa berriz, Ziurgabetasunaren Printzipioa dugu ezbairik gabe.
Ziurgabetasunaren Printzipioa
Printzipio honen arabera ezin liteke partikula batek momentu jakin batetan duen posizioa eta abiadura, batera, ziurtasun osoz jakin. Bi datu hauetako bat ezagutzen badugu, partikularen posizioa demagun, orduan, partikula horren abiadura zehaztasunez ezagutzea ezinezkoa izango dugu. Hau gainera ez da garaiko baliabide teknikoek mugatzen gaituztelako, berez, fisikoki eta matematikoki ezinezkoa delako baizik.
Honela, printzipio honen arabera, kaxa bat usten hasten bagara eta bertako aire guztia ateratzen badugu adibidez, halere ezin esango dugu kaxa ustea lortu dugunik, kaxa hutsik dagoenik, horrek aldi berean kaxako partikula ororen posizioa eta abiadura ezagutzea suposatuko lukeelako. Ziurgabetasun Printzipio honen ondorioetako bat hortaz, ezjakintasun honi esker, kaxaren barnean kendu ezin dugun azken energia kantitate hondar bat badagoela suposatzea da. Energia kantitate minimo honi zero-puntuko energia deritzo.
Begi bistakoa da honek guztiak hutsaren definizioa errotik aldatzera garamatzala. Hemendik aurrera, Hutsa ez da espazio huts bat edo eta ezereza izango, sistema batetan posible den energia kantitate minimoa baizik, energia gehiago atera ezin litekeeneko egoera.
1-KASIMIR
Bainan itzul gaitezen orain sarrerako formulara. Aipatu dugunez, bi Kasimir desberdinen inguruan aritu behar gara besteak beste, eta aztertuko dugun lehen Kasimir-a, Hendrik Kasimir (1909-2000) holandarra izango da.
Hendrik Kasimir-ek zero-puntuko energia deitu dugun energia minimo hau detektatzeko esperimenturik sinpleena proposatu zuen 1948an, Kasimir efektua deitua horrexegatik beragatik. Kasimirren obsesio handienetako bat, energia minimoko egoera hau begi bistaratzeko eraren bat lortzea zen. Helburu horrekin esperimentu mordoska bat otu zitzaizkion, sinpleena irudiko hau dugularik:
1º Irudia
Esperimentu hau ulertzeko eta orain arte esandakoaren ondorioz, Hutsa, energia minimodun egoera bat izaki, zero-puntuko egoeran dauden uhin luzera desberdinetako uhin itsaso bat bezala kontsideratu behar dugu. Irudiko xafla horiek hutsean kokatzean efektu ez ohiko bat sortzen da zero-puntuko uhin horien banaketan. Honen ondorioz, xaflen artean lehen xaflan uhin anplitude hutsa dutenak eta bigarren xaflan ere anplitude nuluaz amaitzen diren uhinak soilik iraungo dute. Era honetan, baldintza hau betetzen ez dituzten puntu zeroko uhinak ez dira xaflen artean kokatuko, bainan ezerk ez die hauen kanpoan egotea oztopatuko. Ondorioz, xaflen kanpoan zero-puntuko fluktuazio handiagoa egongo da barnean baino, kanpotik xaflei uhin gehiagok egingo diote indarra barnetik baino, eta xaflak bata bestearen aurka bultzatuak izango dira. Presio honen indarra, suposa litekeen bezala oso baxua da eta formula honen balioa hartzen du:
phc/480d^4
Hemen, h Plancken konstantea, c argiaren abiadura eta d xaflen arteko distantzia ditugu. Indar honen balioaren ideia bat izatearren, esan xaflen artean milimetro milesima erdi bateko tartea badago, sortzen den erakarpen indarra miligramo bosten batena izango dela, euli baten hegoak gure behatzean sor lezakeen presioaren antzekoa.
Esperimentu honetan xaflen ordez bestelako gainazalen batzuk erabiltzen baditugu kalkuluak asko konplikatzen dira eta emaitzek ere oso balio desberdinak izan ditzakete. Efektu orokorraren indarrak ez du adibidez zertan gerturatzailea izan beharrik.
Esperimentu hauek guztiak, esan bezala, espazio batetik ahal den guztia kentzean, benetan, oinarrizko oszilazio elektromagnétiko bat badela baieztatzen dute.
Kasimir efektua lehenengo aldiz 1958an Marcus Sparnayek ikusi zuen altzairu eta kromozko zentimetro karratu bateko laukiak erabiliz. Ziurtasun osozko lehen emaitzak ordea, 1996n izan genituen Steve Lamoreauxek eta Dev Sen-en eskutik.
Hutsaren definizioa berritzeak mende luzeetan zehar planteatu diren galdera batzuen egokitasuna baztertzen du, bainan baita galdera berriak sortu ere. Izan ere, aipatu dugun energia minimo egoera hori bakarra al da? Hau da, ba al da minimo absoluturik? Erantzuna ezezkoa da, energia kantitate horren balioa, nolabait esatearren, aldatu egiten baita tenperatura eta bestelako parametroen aldaketekin. Era honetan, mendi eta bailarak gogoratuko dizkigun energia paisaia desberdinak izango ditugu, malda eta minimo lokal desberdinetakoak.2º Irudia
Esan bezala energia paisaia hauek tenperaturaren araberakoak dira adibidez eta honen menean hartzen dute itsura. Baldintza hauen aldaketekin beraz paisaiak ere aldatu egingo zaizkigu, eta pentsatzekoa denez, unibertsoaren hasieran zuten eta gaur egun duten itsura ez dira berdinak izango esate baterako. Honela, etorkizunean ere baldintza hauen aldaketek minimo berri bat sortzen badute, gure unibertsoa ordezka lezakeen eremu eskalar bat maldan behera minimo berri horretarantz mugitu liteke beheko irudian agertzen den bezala. Kasu hipotetiko honek zehazki, inflakzio kosmologikoa deituriko teoriari irekitzen dizkio ateak, unibertsoak ez hasiera ez bukaera jakin bat izatea ahalbideratzen duen teoria hain zuzen.
3º Irudia
2-KASIMIROTEIZA
Gatozen orain berriz ere sarrerako formulara eta ikusi dezagun zer dagoen KasimirOteizaren atzean. Arestian esan bezala, aztertu behar dugun bigarren Kasimir-a artearen mundutik datorkigu, eta Oteizarekin erlazio handia du.
Kasimir Malevitx
Kasimir Malevitx margolaria 1878an Ukrainia hegoaldeko herrixkatxo batetan sortu zen.
Bere ibilbide oparoan zehar, frantziako inpresionisten eraginpean sorturiko artelanak lehenik, Matisse bezalako maisuen neoprimitibismo kutsukoak ondoren, eta kubo-futuristen lanen motakoak egin zituen azkenik. Malevitx-en azken lan horiek berezi samarrak dira ordea, ezin baitira ohiko kubista edo futuristekin bat sailkatu, ez baitute errealitatea eta mugimendua kubisten edo futuristen moduan agertzen. Izan ere, Fisikan uhinen teoriak munduaren ulermen estatikoa hankaz gora jarri zuen garaiaz ari gara eta Malevitchek bere margolanetan mundu ikuskera berri hau agertu nahi zuen.
4º Irudia
1918an, “Lauki Beltza”rekin sorturiko iraultza bere punturik garaienera iritsiko da. Urte honetan “Lauki Zuria, Zuriaren gainean” margotzen du. Margolan honetan, bestelako artelanetan ohikoa dugun kontrasteen tentsioa, barne tentsioak sorturiko lasaitasun meditatibo bihurtzen da. Ezerezko laukia ezerezean murgiltzen ikusten dugu, ezereza ezerezean igeri. Laukia gainera ez dago egonkor, erpin baten gainean baizik, oreka mantendu ezinik, konposizioari tentsioa, indarra eta mugikortasuna emanez. Margolan honek Oteizarengan eta bere artearen historiaren ikuspuntuan berebiziko garrantzia izango du. Oteiza beraren esanetan, bere artelanek ez dute Malevitxek lan honetan akzidentalki lortukko lukeen amaiera faseko minimalismoa osatu besterik egiten.
5º Irudia
Jorge Oteiza
Esan bezala, Oteiza artista ukrainiarraren jarraitzaile sutsua izan zen. Jarraitzaile, zentzu guztietan gainera, Malevitchen lana goraipatzeaz gain bere egingo zituelako suprematismoaren ideiak eta ondorioak. Oteizak bere espazioaren eta hutsaren esperimentazioaren hasiera-hasieratik erabili zuen Malevitchen bi dimentsiotako hutsaren ideia, kasu honetan ordea eskulturaren hiru dimentsioetan aplikatuz noski. Bere hainbat lan ezagunek Malevitch Unitateak deituriko lauki eta forma geometrikoak dituzte osagai, Malevithcen margolanetatik zuzenean ekarriak balira bezala.
6º Irudia
Hutsa eta Malevitx unitateak beste hainbat eskulturetako osagaiak ere izango dira, bainan garrantzitsuenak oriotarraren amaierako Kaxa Hutsetan aurkitzen ditugu. Hauetan, Malevitx unitatezko poliedroak erabat hustuta aurkitzen ditugu, materia espaziora erabat irekitzea lortzen du Oteizak azkenean, eta eskulturak izan dezakeen materiaren eta espresibitatearen azken hondarrekin aurkitzen gara. Lan hauetan, ikusten dugun bakarra espazio hutsa da, bere karga materialaz libre, espazio hutsaren indarra bere erarik gordinenean, ez gehiago eta ez gutxiago.
7º Irudia
Oteizarentzat artearen historia hutsune batetik abiatzen da, artistak bere ekintzez, artelanez, espresibitateaz bete nahi zuen hutsune batetatik. Baina betetze fase hau, artearen lehen fasea soilik litzateke. Artearen zikloa osatu dadin bigarren fase bat ere ezinbestekoa da. Fase hau, artistak hasierako hutsunea betetzeko erabili zuen guztia hustutzean datza, berriz ere Hutsera iritsi arte. Mende bakoitzean zehar gainera horrelako ziklo bat osatzen da gutxi gora behera Oteizaren ustez.
Testuinguru honetan, Kasimir Malevitxen “Lauki Beltza” hutsunetik abiatu den lehen espresibitatearen seinale litzateke eta “Lauki Zuria, Zuriaren gainean” berriz amaiera, “akzidentala” hori bai Oteizaren ustez. Oteiza bera izango zen 40 urte geroago artearen ziklo hori bere Kaxa Hutsen bidez itxiko zuena. Hortxe, arte ziklo honen osaketan hain xuxen, oriotarrak 1958an bere eskulturgile lana alde batera uzteko erabakiaren arrazoia.
AMAIERA
Oteizak zioenez eskulturaren historia guztiaren atzean eskulturgile bakar bat dago, garai bakoitzean hori bai, izen desberdinez datorkiguna. Oraingoan ordea, Oteizaz gain, izen berbera duten bi gizon desberdinen ekarpenak ikusi ditugu, esparru desberdinetan gai beraren inguruan lanean aritu eta ideia berriak proposatu zituzten itzal handiko bi gizasemeen lanak.
Kasimir Malevitxen lanak eragin handia izan zuen ondoren etorri diren artista askorengan eta bere izena aipatzea ezinbestekoa egiten da XX. mendeko arteari buruz hitz egitean. Oriotar unibertsalaren lanek nazionalki zein internazionalki duten garrantziaren berri ere denok daukagu. Bikote honek bezalaxe beraien lanak Hutsaren emankortasunean oinarritu dituzten bestelako artistak ere ordea ugariak izan dira, soinurik gabeko John Cage musikariaren 4´33´´ obra edo Henry Mooreen eskulturak kasu.
Zientziaren munduan berriz, ikusi dugu gaur egungo hutsaren definizio berriak unibertsoaren sorreraren inguruko teoria berriei ateak irekitzea suposatu duela besteak beste. Orain posibletzat jotzen da adibidez gure unibertsoa hasierarik eta amaierarik gabeko unibertso bat izatea. Hipotesi liluragarri hauez gain hala ere, Hutsaren ezagutza zientifiko sakonago honek bestelako erabilerak ere izan ditu, teknologia berrietan, fisika kuantikoan...
Kontu guzti hauek, hutsaren alderdi desberdinak azaleratzen dizkigu. Alor desberdinetatik gai beraren inguruan nola arrazoitu den ikustera garamatza, eta ondorioz, Hutsaren ulermen zehatzago eta osoago batetara. Esparru desberdin hauek aztertu ondoren lortzen dugun ondorioa berriz bera da: Hutsa, posibilitate guztien aukera da.
2º Irudia3º Irudia
4º Irudia5º Irudia
1 Comments:
Aholku bat emoateko idazten dut; ez litzateke erabilgarriagoa izango irudiak artikuloan zehar sartzea eta ez bukaeran?
ZORIONAK BLOGARENGAITIK!
By textu batzuk, at 1:04 AM
Post a Comment
<< Home