Alfontso Mtz. Lizarduikoa
Ingeniaritzan doktorea eta Filosofoa
Saroi, sarobe, korta, ola, barrendegi... horiek dira euskal kultura eta inkontziente kolektiboarekiko harremana duten eraikuntza xume eta intriganteen izenetako batzuk. Saroiak badu erdigunean harri bat (austarri, kortarri...) eta bertan, goiko partean, baditu lau, sei eta noizbait zortzi norabide grabaturik (puntu kardinalak adieraziz).
Lerro zuzen horiek jarraituz, eta distantzia dexente ibiliz, beste harriak aurkituko ditugu (baztermugarriak edo inguruko mugarriak). Baztermugarri hauek (8, 12 edo 16 denera), batzuetan
Baina, gehiago dago. Urumeako XVIII. mendeko mendi frankoak izeneko lekuetan Zalduak egindako ikerketetako mapetan edota Ugartek Oñatiko bailaran aztertutako saroien banaketaren irudietan, harriduraz ikusten da lurralde haietako mapak, gruyere gazta bezalakoak, egitura zirkularren bidez zulatutako lurraldeak direla. Eta horrek, aborigen australiar bezalako herri indigenen pentsamendu sinbolikorantz zuzentzen gaitu. Australiako indigenek, eskutan beste lanabes teknologiko edo sozialaren ezean, bere lurralde osoa abesti ikusezinen bidez egituratu zuten. Abestien ikusezintasuna atzerritarrentzat bakarrik zen, aborigenek oso ondo baitzituzten abestiak atzematen. Era horretan gizarteari koherentzia kulturala eman zieten, eta lurraldeari egitura geografiko eta toponimikoa. Posible ote zen egun aurkitzen ditugun saroien taldeak garai aurrehistorikoetan lurralde osoa betetzen zuen sare erraldoiaren arrastoa baino ez izatea, eta, alde ekonomikoaz gain, gizarte komunalista baten lurraldea eta jabegoa antolaketarako sortutako kode baten aurrean aurkitzea? Saroien sarearen ikusezintasuna (bere funtzio sekretuaren jabe ez bazara) sinbolikoki ez da hurbiltzen aborigen australiarrek sortutakoari? Hori historiaurrean arazo batzuk (lurralde-antolakuntzakoak, adibidez) ebazterakoan eredu arketipikoak bazirela esaterik ba al dago?
Roz Frank ikertzaile estatubatuarrak, gainera, saroiak eratzerakoan erabilitako sistema matematikoa aztertu du, eta saroiek dituzten neurriak sistema zazpitar baten bidez kalkulatuak izan direla ondorioztatu du. Sistema hori, dirudienez, Europa zaharrean oso zabaldua izan zen, kostalde atlantikoan batez ere, kostaldea non zeltiar indoeuroparrek herri aurreindoeurioparrak mestizatu zituzten. Mestizaje haren ondorio zuzena mugimendu megalitiko ahaltsua kostalde osoan zehar zabaltzea izan zen. Saroiak, nonbait, mugimendu haren azkeneko hatsa ote zen? Saroien enigmak hizkuntzalariza ere erakarri du. Horrela, saroi eta ola hitzen arteko antza semantikoa aipatu da askotan. Baita, nonbait, hasieran tokia esan nahi zuela, gero burdindegia eta, azkenean, borda eta ikuilua (korta) izateko. Beste ikerlariek IX. mendeko sel kantauriar aurrehistorikoan sare = red ikusten dute, saroia ixten zuen sareari egokituz. Eta zergatik ez lotu saroia antzineko lurraldea, sare moduan, egituratu ote zuten espazio zirkularren sistemarekin?Saroien enigma aldeanitzak ditu, beraz. Inguruen sare minimalista, ixila eta ia-ia ikusezinak lehenalditik begiratzen gaitu eta oraindik bizirik jarraitzen du gure toponimian, patronimian eta inkontziente kolektiboan.Gure gazteriarengan erakarle moduan eragin beharko luke ikerkuntzara bultzatzeko. Nik dakidanez Urnietan, Oñatin eta Durangon badira hiru ikertzaile-talde lanean. Oraindik gogamenean grabaturik daukat udaberriko eguzkitsu batean, Manu Arregi adiskideak Oñatiko saroiak ikusteko antolatu zigun ibilbide arkeologiko-magikoa, Aitzgorri mendietan barrena (Urbiako zelaian arkume errea jateko bazkaria barne).Han biziki sentitu nuenak gaurko artikulu hau erditu du, eta planetako altxor antropologiko aberatsenetako bat gordetzen duen herri paregabe hau maitatzen dutenei eskainita dago.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home