Hatz ekologikoa
Alfontso Mtz. Lizarduikoa
ingeniaritzako doktore eta filosofoA
Teoria ekologikoak gure planetaren funtzionamendu globala ulertzeko kontzeptu sakonak bezain adieragarriak sortu ditu XX. mendean: Ekosistema, Holismoa, Gaia; Jasangarritasuna. . . Baina gaur, ekologiaren ezagutza ingurumeneko arazo bakan bezala bakarrik gainditzen duen kontzeptu berri batez hitz egin nahi dut; ekologiaren sustraietan eduki sozial sakona duen kontzeptua: hatz ekologikoaren kontzeptua.
Ingurumenean pertsonek eragiten dugun karga, kontsumo eren eta bideen araberakoa da. Begi-bistakoa da Alemanian (adibidez) dauden biztanleek ingurunean duten eragina Argentinako, Indiako eta Egiptoko batez besteko biztanleena baino askoz handiagoa dela. Alemaniako 82 milioi biztanleak kilometro karratuko 230 biztanleko dentsitateaz bizi dira. Indian bizi diren 1.000 milioi pertsonek dentsitatea zerbait handiagoa dute (300 biztanleko/km2), baina ingurunean eragiten duten eragina alemanairrena baino dezente txikiagoa da.Lurralde jakin batean biztanle-dentsitateak ingurumen inpaktuan du eragina. Indian biztanleria gora doalako kezka handia dago, baina egunen batean orain baino bi aldiz pertsona gehiago balira proiekzioek diotenez, biztanleria kopuru horretara iritsi baino askoz lehenago egonkortuko da, Indian 2.000 milioi indiar ingurumenarentzat karga jasanezina ote lirateke? Seguru asko bai, baina Alemaniako adibidea ikusita ez eta beste edozein herrialde aberatsentzat ere baliagarria izan daiteke ondorio hori. Zergatik? Eta hemen agertzen da hatz ekologikoaren kontzeptu iraultzailea, ekologia garaikideak (sozioekologiak, hain zuzen) sortutako kontzeptu sakon eta eraginkorra.Berehalaxe ikusiko dugunez, alemaniar bakoitzak ingurumenari 20 aldiz kalte handigoa egiten dio indiarrak baino. Egunean Alemanian 1.600 milioi indiar bederatzi aldiz txikiagoa den lurraldean (edo 14.700 milio indiar Indian) biziko balira bezala da. Indiak egun dituen 1.000 milioi biztanleak aipatzeak harritzen bagaitu, askoz gehiago harritu behar gintuzke Alemaniak 82 milioi aleman mantendu ahal izateak. Non dago arazoa? Erantzuna oso erraza da: Alemaniak ez ditu jasaten alemanak. Alemanek eragindako lurraldea Alemania baino handiagoa da, eragina Alemaniatik kanpo baitu. Inguruko herrialdeetara eragina zabaltzea da hatz ekologikoaren kontzeptuaren funtsa. Adibidez, Alemaniaren eragina Eskandinaviako basoetara zabaltzen da euri azidoaren bitartez, eta baita Hirugarren Munduko ustiaketetara (fabrika, nekazaritza, abelazkuntzako produktu, hondakin arriskutsuen esportatze, baliabide naturalen desjabetze eta abarren bidez).Willian Rees eta bere taldeak Vancouverko British Columbia unibertsitatean garatutako hatz ekologikoaren kontzeptuak bizitzeko eren jasangarritasuna neurtu nahi du, eta, horren ondorioz, lurralde (estatu) bakoitzaren baliabideen per capita kontsumo onargarria. Reesek egiten duen galdera hau da: jakineko bizi-mailan etengabe eta betiko biztanle-kopuru jakin bat mantentzeko produkzio-lurren zenbateko eremua behar da? Ingurumeneko fluxu eta zerbitzuak ekosistemek sortzen dituzte. Biztanleria horrentzat behar den zoru-eremua edo ur-azalera balioetsi daiteke, eta Reesek sortutako hatz ekologikoak horrela definitzen du: «bizi-maila jakin batekin biztanleria jakin batek erabiltzen dituen baliabideak sortzeko eta sortutako hondakinak bereganatzeko behar den produkzio-lurraren eta ur-ekosistemaren azalera». Eta biztanleria baten defizit ekologikoa hatz ekologikoaren eta okupatzen duen eremu geografikoaren arteko diferentzia da.Aurrekoa gogoan izanik, herri industrializatuek oso defizit ekologiko handiak metatzen dituztela berehalaxe ikus daiteke. Ameriketako estatubatuarrek, beren teknologiak kontuan hartuta, 2,2 aldiz lurralde handiagoa beharko lukete betiko mantenduko balira; horrek esan nahi du soberakin hori bere mugetatik kanpo lapurtzen dutela. Herbeheretarrek, adibidez, beren lurraldea baino hiru edo lau aldiz handiagoa erabiltzen dute, nekazaritzan izugarrizko kontraesana sortuz; alegia, herbeheretar bat elikatzeko lau herbehere beharko lirateke! Nola aurkitu lurra eta langileak defizit hori betetzeko? Hirugarren Mundua ustiatuz, noski.
Aurrekoa ikusi ondoren, estrapolazio errazak egin daitezke. Denok estatubatuarren bizimodua bagenu (jende askoren irudimenean helburu dena), oraingoaz gain beste bi lur planeta beharko genituzke. Adibidez, gaur egun, Txina mundu-kapitalismoaren hirugarren ardatz bihurtzen ari den garai honetan, txinatarren artean eredu amerikarra sartzen bada (gizaki bat = automobil bat), izugarrizko kontraesana sortuko litzateke. Txinatar bakoitzak auto bat lortuko balu, errepideek eta autobideek kontinente erraldoi hura estaliko lukete, eta, ondorioz, gosez hilko lirateke. Izan ere, arroza garatzeko behar diren lurralde zabalak desagertu egingo lirateke.Hatz ekologikoaren kontzeptuak, beraz, bi gauza garbi azaltzen ditu:1) Gaur egun, planetan kapitalismo neoliberalak bultzatzen duen indar produktiboen mugarik gabeko metaketak (garapenkeria) irtenbiderik ez du.2) Herrien arteko eredu ekonomiko berdinzale eta solidarioa eratzea jasangarritasun erradikalarekin estuki loturik agertzen da. Horrek honako hau esan nahi du: Lehenengo Munduko estatu batzuek egitura ekonomikoaren zarrastelkeria bukatu behar dute, bai produkzioari dagokionez, baita kontsumoari ere. Gizateria senidetua eta solidarioa lortzeko (XX. mendeko utopia nagusietako bat), lehen aipatutako defizit ekologikoak berdindu beharko ditugu, XXI. mende honetan itxaropenari eutsi nahi badiogu, behintzat. Bestela, gizateriaren historian inoiz gertatu ez den hondamendi sozial eta ekologiko itzelenen aurrean kokatuko gara. Eta gero?
0 Comments:
Post a Comment
<< Home