Euskal koloreen zuhaitz erroetan
Alfontso Mtz. Lizarduikoa
ingeniaritzan doktorea eta filosofoa
Berlin eta Kay antropologoek mundu osoko ia-ia ehun herrien hizkuntzekin egindako ikerketa ospetsuak nahiz (eta guretzat oso esanguratsuagoak diren) euskal espektro kromatikoaz Txema Preziado ikertzaileak egindakoak, ondorio berera heltzen dira. Edozein herriren oinarrizko kolore primitiboenak hiru dira: zuria/beltza (oposizioan) eta gorria. Euskaraz zuri/beltz/gorri hirukotea oso antzinakoa da, herrialde guztietara zabaldurik dago, objektuak nahiz eguneroko iharduerak arautzeko (mailakatzeko) erabiliak izaten dira, toponimian oso ugariak ditugu eta polisemikoak (alegia, hitz berberak eduki semantiko desberdinak izan ditzake, testuinguruaren arabera) dira. Ezaugarri horiek, zuri/beltz/gorri hirukoatea, euskal pertzeptzio sinbolikoaren zuhaitzaren erro sakonenetako bat bezala baieztatzen dute.Lehen aipatutako kolore-hirutasun horren ezaugarrien artean gehien harritzen duena (nonbait sena sakonagoa baitu) polisemiarena da. Robert Graves mitologoak Jainkosa Zuria obra ospetsuan garbi azaltzen zuen modernitate, zientzia eta teknologia garaikidearen izenean, antzinatean (eta bereziki Greziaren aurreko Antzinako Europan), izaki askoren eduki semantiko sakratuak egunean ahaztu eta galdu ditugula; harri, animalia, landare, zenbaki eta koloreen eduki magikoak, adibidez. Zenbakiak kontatzeko erabiliak izan baino lehen, eduki mistiko, kosmologiko eta erlijiosoak izan zituzten. Egun, oinarrizko koloreak definitzeko erabiltzen ditugun hitzekin gauza bera gertatzen da. Garai haietan koloreen tonuetan erreparatu baino lehenago, eduki etiko, sinboliko, arautzaile, atmosferiko edota filosofikoak izan zituzten. Gaur egun erdi galduak ditugun eduki horiek hizkuntzan fosilizaturik ditugu oraindik, inkontziente kolektiboan.Euskaldunen artean, zuri/beltza bikotea, unibertsoa, natura eta baloreen mundua elkarkanpoko diren kategoria semantikoak sailkatzeko nabarmen erabilia izan da. Zuri/beltza bikoteak argitasun/iluntasunaren unibertsoa definitzen du. Baina, beste semantikekin lorturik agertzen da baita: organiko/ez-organikoa, lehor/hezea, hotz/beroa, txar/ona, . . . eta hona helduta irakurleari gonbita egiten diot gure eguneroko hizkeran, oraindik, bizirik dauden egitura batzurekin ariketak egiteko eta lehen aipatutako bikote semantikoan (edo beste bikote berrietan) sailkatzeko. Non kokatu, Mari beltz, neska zuri, negu beltz, zurikerietan ibili, baltzaren baltzaz, . . .? Hitz horiek askotan erabiltzen ditugu baina ez dugu ulertzen beren magalean duten sen sinbolikoa. Guretzako beltz/zuria kolorearen tonuak baino ez dira. Horregatik, egungo euskaraz, gure pentsaera modernoarentzat lehen aipatutako esamolde berezi-arraroak sortzen zaizkigun zenbaitetan. Gogora dezagun kolorearen definizioa, tonu bezala, oso berantiarra dela eta XIX. mendeko pigmentu eta tindagaiekin batera zabaldu zela.Euskaldunek (beste herri indigena askok bezala), dirudienez, antzinatik garai berantiar horietara arte, gero erabiliko genituzkeen koloreen hitz horiei beste eduki eta atributuak (beste garai historiko eta aurrehistorikoetan baliagarriagoak zirenak) egokitu zizkieten, tonuaren semantikaz interes handirik agertu gabe.Eta zer esan gorri hitzari buruz? Patxiku Perurenaren Koloreak euskal usarioan liburu bikainetik, gorriari buruz hamairu semantika gutxienez jaso ditut. Indarra azaltzeko (premia gorria), hustasuna (lurgorri landarerik gabea), berotasuna (labe gorria), eguraldia (oskorri), etsaitasuna (galtzagorri), sakratutasuna (txahal gorri Mariren kobazuloaren zaindaria, edota Mari gorri), osasuna (neska zuri-gorria), sexua (zakil gorri), lotsa (lotsagorritu), gaitza (mingorria, gorrina) eta kolorea, noski, (Baigorri ibai edo ibar gorria). Nola egoki ulertu polisemia oparo hori?Barandiaranek oso begi zorrotz izan zuen euskal kultura ikertzean eta honako iritzia bota omen zuen Euskal Herriari buruz: «Oso herri kontserbadorea da». Baina ez zuen kontserbadore hitza zentzu peioratiboan erabili, kontrakoan baizik. Euskaldunek, oso historia (aurrehistoria, batez ere) luzea izanda, asko aldatu behar izan dute eta badirudi horrela egin dugula, abileziaz gainera. Baina, asko aldatuta ere ez dugu ahaztu («kontserbatu» egin dugu) gure historiako aurreko garaietan lortutako ezagutzaren zatiak eta, horrela, gaur egun, geruza berrien azpian zaharrak aurkitzen ditugu. Kolorearen hiztegiaren kasuan, adibidez, eta zuri/beltz/gorriaren hirukotean bereziki, hitz akoitzaren barnean aldi historiko eta aurrehistoriko desberdinen semantikak (edukiak) metatuak ditugu, tipula osatzen duten azalek egindakoa bezala edo, nahiago izanez gero, lur-sail baten geruza geologiko metatuek azaltzen duten orotasuna bezala. Gure oroimen kolektiboa geruza horietan zain dago, inork datatu eta interpretatzeko. Bada garaia, orduan, geure «geologo» gazteak kulturalki egoki prestatzeko eta zutabe estatigrafiko horietan murgiltzeko, eguneko paleohizkuntzalaritza, populazioen genetika, paleoantropologia eta antropologia sinbolikoek eskaintzen dizkiguten lanabes boteretsuekin eta disziplinarteko hurbilketa (orokor eta sintetikoa) horien bidez, izan ginena berraurkitu, orainaldia ulertu eta izango garena eraikitzeko.Euskal espektro kromatikoaren ikerketak eta, gero eta ugariagoak diren este ikerkuntzarako eremuek (herri aurreindoeuropar «kontserbadore» honen izaera, kultura indoeuroparrek estutu nahi izan duten zerraldoaren estalkiaren ziriak hausten dituztenek), antzinako Europarekin batera ditugun erro identitarioen errealitate kitzikagarri eta ezinbestekora, gero eta nabarmenago, hurbiltzen gaitu. Abentura liluragarri honi buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzue, Txema Preziado eta biok orain dela gutxi idatzitako Euskaldunen kolore-unibertsoa liburuaren irakurketa gomendatzen dizuet. Zuentzat idatzita dago.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home