Erantzunen zain

Sunday, January 28, 2007

Euskal denboraz (kontzeptuak eta kontzepzioak)

Alfontso Mtz. Lizarduikoa
Ingeniaritzan doktore eta filosofoa

Unamunok euskal arima intuitu egin zuen baina ez zuen batere ulertu. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko bere mesprezua agertu zuen izpiritua eta jateko gura aditz berberarekin (gogoa) azaltzen genuela adieraziz. Aurrerakuntzaren hizkuntza logika-grekolatindarrarena omen zen (espazioa, denbora, kausalitatea, ...) eta euskarak ez omen zeukan gaitasunik abstrakzio-maila horri heltzeko, horregatik beste hizkuntzetatik terminologia modernoa kopiatu behar izan zuen. Unamunok ez zuen kontuan hartu kolorea edo denbora definitzeko hizkuntza aborigen batean terminorik existitzen ez bada ere, horrek ez duela esan nahi, derrigorrez, aborigen horiek kolorearekiko edota denborarekiko sena izan behar ez dutenik, berehala egiaztatuko dugunez.

Unamunori euskal unibertso mentala egoki ulertzeko bi oinarrizko ezagutza falta zitzaizkion. Lehena, aurrean zuen herriak erro indigenista sakonak zituen kultura zela onartzea; alegia, aurrean zuen herria antzinako kontinente europarraren azken herri indigena biziaren aurrean zegoela onestea. Bigarrena, Euskal Herria bezalako herri indigenek, Grezia eta industri iraultzaren artean garatutako logika abstraktuaren aurre, beste logika mota bat jadanik sortua zutela (eta, dirudienez, izugarrizko arrakastarekin gainera, milaka urtez iraun baitzuen): Konkretuaren logika. Modernitatearen logika zientifikoak bere ezagutzaren metodologian «kontzeptua» hartzen du oinarri.

Kontzeptua erreferente bat da non adierazi nahi den errealitatea ez den inondik ere sumatzen. Horrela, «sea», «mar», «itsasoa» diogunean, itsasoaren kualitateak (kolorea, zarata, usaina...) ez dira inondik ere islatzen. Itsasoaren orotasuna laburtzen da hitz hotz horretan eta hain konplexua den itsasoaren errealitatea hitz bakar horrek adierazten du. Pentsamendu indigenetan errealitatea ez da era horretan razionalizatzen. Haietan hitzaren, eta hitzak adierazi nahi duen objektuaren artean, badago oso harreman estua. Kontzeptua «kontzepzio» bihurtzen da orduan. Kontzepzioan, fonetikatik aparte, koloreak, formak eta biziak parte hartzen dute. Eta horregatik fenomeno bat definitzeko kontzeptu bat bakarrik erabili beharrean, ikuspuntu kualitatibo desberdinak definitzen dira, kontzepzio desberdinak sortu.

Modernitatearen logika bat den bitartean, indigenista anitza dugu. Amazonetako Pemon indiarrak oihanean (kanpotik den berde ikusten da) bizi dira, baina oihanak ez ditu eguzki-izpiak lurreraino iristen uzten eta ingurua gris moduan islatzen da. Horregatik herri aborigen honek landareen ezagutza «berde» kolorea erabili gabe antolatu du. Antropologo eurozentrista bat hara joango balitz aborigen horiek, oso basatiak direla-eta, berdearen kategoria ez dutela pentsa lezake. Errealitatea bestelakoa da. Pemon herriak bizi duen grisen munduan berde kategoria ez da batere erabilgarria. Eta europarrek kolore «berdea» ikusten duten lekuetan haiek «kontzepzio» desberdinak sortu dituzte: gogor, mingots, zimur... Maoriak, adibidez, oso basamortu gorri monotonoan bizi izanik, beren mundua antolatzeko ehun gorri-tonu baino gehiago sortu dituzte (kontzepzioak), «gorri» koloreari (kontzeptuari) bereziki izena eman gabe.

Euskaldunei «denbora» kontzeptuarekin berdin gertatu zaigu. Euskaldunek ez zuten sortu Newtonen denbora abstraktuaren kontzeptua (luzaroan, beharra ez zutelako izan). Horren ordez, denbora konkretuen «kontzepzio» asko sortu zituzten, oraindik hizkuntzan bizirik daudenak: Eguraldi, aro, garai, aldi, sasoi, asti, tarte, garren, egun, urte, mende, ilun, gaur, bihar, etzi, etzidamu, herenegun, aste, eguaste, eguarte, eguasten, luzaro, aspaldi, ihaz, aurten, geurtz, atzo, bart, biharamun, orain, lehen, gero, goizalde, arratsalde, hil, hilena, urte, hilabete, uda, udazken, negu, laster, azkar, berehala, garaiz, berandu, hilgora, hilbete, hilberri, azkorri, goiz, eguerdi, ilunabar, gauerdi, arte, beti, inoiz, inoiz ez,... Hamaika «kontzepzio» desberdin, bakoitzak bere eduki semantiko bereziarekin. Eta horietako batzuek (ilargi-egutegiarenak) paleolitoko garaietaraino eramaten gaituzte, gainera.

Unamunok ez zuen ulertu Euskal Herriaren erro indigenek, planetaren aniztasun kulturalari, jakinduria milenarioa aportatzen ziotela. Aniztasun kulturalaren ikuspegitik gero eta nabarmenagoa den ekarpen hau ezagutu eta ikertu behar dugu, gure identitatea eta munduaren patrimonioa baitira. Eta konplexuak aldendu. Denboraren hirurogei «kontzepzio» desberdinekin, edozein filosofo postmodernorekin lehia egin dezakegu bildurrik gabe. Guk latinetik «denbora» hitza jaso badugu haiek kontrako norantzan bidaia ere egin dezatela. Eta horretarako oso aukera egokia izango zuten euskara ikastean.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home