Alfontso Mtz. Lizarduikoa
Ingeniaritzan doktore eta filosofoa
Unamunok euskal arima intuitu egin zuen baina ez zuen batere ulertu. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko bere mesprezua agertu zuen izpiritua eta jateko gura aditz berberarekin (gogoa) azaltzen genuela adieraziz. Aurrerakuntzaren hizkuntza logika-grekolatindarrarena omen zen (espazioa, denbora, kausalitatea, ...) eta euskarak ez omen zeukan gaitasunik abstrakzio-maila horri heltzeko, horregatik beste hizkuntzetatik terminologia modernoa kopiatu behar izan zuen. Unamunok ez zuen kontuan hartu kolorea edo denbora definitzeko hizkuntza aborigen batean terminorik existitzen ez bada ere, horrek ez duela esan nahi, derrigorrez, aborigen horiek kolorearekiko edota denborarekiko sena izan behar ez dutenik, berehala egiaztatuko dugunez.
Modernitatearen logika bat den bitartean, indigenista anitza dugu. Amazonetako Pemon indiarrak oihanean (kanpotik den berde ikusten da) bizi dira, baina oihanak ez ditu eguzki-izpiak lurreraino iristen uzten eta ingurua gris moduan islatzen da. Horregatik herri aborigen honek landareen ezagutza «berde» kolorea erabili gabe antolatu du. Antropologo eurozentrista bat hara joango balitz aborigen horiek, oso basatiak direla-eta, berdearen kategoria ez dutela pentsa lezake. Errealitatea bestelakoa da. Pemon herriak bizi duen grisen munduan berde kategoria ez da batere erabilgarria. Eta europarrek kolore «berdea» ikusten duten lekuetan haiek «kontzepzio» desberdinak sortu dituzte: gogor, mingots, zimur... Maoriak, adibidez, oso basamortu gorri monotonoan bizi izanik, beren mundua antolatzeko ehun gorri-tonu baino gehiago sortu dituzte (kontzepzioak), «gorri» koloreari (kontzeptuari) bereziki izena eman gabe.
Euskaldunei «denbora» kontzeptuarekin berdin gertatu zaigu. Euskaldunek ez zuten sortu Newtonen denbora abstraktuaren kontzeptua (luzaroan, beharra ez zutelako izan). Horren ordez, denbora konkretuen «kontzepzio» asko sortu zituzten, oraindik hizkuntzan bizirik daudenak: Eguraldi, aro, garai, aldi, sasoi, asti, tarte, garren, egun, urte, mende, ilun, gaur, bihar, etzi, etzidamu, herenegun, aste, eguaste, eguarte, eguasten, luzaro, aspaldi, ihaz, aurten, geurtz, atzo, bart, biharamun, orain, lehen, gero, goizalde, arratsalde, hil, hilena, urte, hilabete, uda, udazken, negu, laster, azkar, berehala, garaiz, berandu, hilgora, hilbete, hilberri, azkorri, goiz, eguerdi, ilunabar, gauerdi, arte, beti, inoiz, inoiz ez,... Hamaika «kontzepzio» desberdin, bakoitzak bere eduki semantiko bereziarekin. Eta horietako batzuek (ilargi-egutegiarenak) paleolitoko garaietaraino eramaten gaituzte, gainera.